Elia webgunetan integratu daiteke

2024 | Apirilak 25

Webguneko edukiak hainbat hizkuntzatan irakurri ahal izateko aukera eskaintzen duen sistema bat garatu dute Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteko IKT taldeak elkarlanean, eta Orioko Herri Ikastolaren webgunean estreinatu dute. Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoa webgunean txertatuta lortu dugu eduki guztia, euskaraz bezala, beste zortzi hizkuntzatan ere jaso ahal izatea. 

Izan ere, euskaraz idatziriko webgunea da Orioko Herri Ikastolarena, baina webgunearen goiko  aldeko barra automatikoa erabiliz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez, galizieraz, errumanieraz, urduaz eta arabieraz ere irakur daitezke webgunearen edukiak. 


Euskara ez dakiten ikastolako gurasoek eskura dute euren hizkuntzan ikastolak webgunearen bitartez eskaintzen duen informazio guztia, eta elkarrekin errazago eta arinago komunikatu ahal izateko aukera izango dute. 

Alor honetan aitzindaria izan da Orioko Herri Ikastola, lehenbiziko ikastola baita webgunea beste zortzi hizkuntzatan ere eskaintzen duena. Beste ikastola batzuek ere interesa agertu dute sistema hau euren webguneetan txertatzeko, eta Ikastolen Elkarteko IKT taldea ikastolen eskariei erantzuteko bideak aztertzen ari da. 

Eliak eskaintzen duen APIa integratu dute horretarako, hemen aurkitu daiteke APIaren informazioa. 

 

 

Itzuli blogera