Ahots bidezko itzulpenak egin daitezke orain Elian

2025 | Urtarrilak 31

Bost urte bete ditu Eliak, eta berrikuntza garrantzitsu batekin dator: ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera. Berrikuntza honekin, Elia itzultzaile soil izatetik entzuteko eta hitz egiteko gai den tresna izatera iritsi da, Elhuyarrek garatutako punta-puntako hiru teknologia integratuta: hizketa-ezagutza (transkripzioa), itzulpen automatikoa (itzulpena) eta hizketa-sintesia (ahotsa). 

Ahots bidezko itzulpenak egiteko aski da mikrofonoaren irudia duen botoia sakatzea, hitz egingo diogun hizkuntza aukeratzea eta hitz egiten hastea. Gehienez ere 20 segundo bitarteko grabazioak onartzen ditu, eta grabazioa geratzeko gelditzeko botoia sakatu beharko da edo 20 segundoak igaroatzean automatikoki geratuko da. Grabazioa amaitu ondoren erlojutxo bat agertuko da testua agertu bitartean.  Eliak emaitza testu bidez edo audio bidez emango digu guk aukeratutako hizkuntzan.  Adituko teknologia, hizketa-ezagutza, eskuragarri dago orain Elian ere.

Ahots bidez itzulpenak egiteko aukera Eliaren 6 hizkuntzatan erabil daiteke. Oraingoz, webgunean dago erabilgarri funtzionalitate hau; aurrerago, mugikorretako eta mahaigaineko aplikazioetan ere erabili ahal izango da.

Kalitatean ere salto handia eman du Eliak, eta bereziki euskaratik frantsesa eta euskaratik ingelesa bikoteetan.


“Baloratu itzulpenak”

Itzulpenak baloratzeko funtzionalitate berria jarri dugu martxan. “Baloratu itzulpenak” funtzionalitate berri honekin, aukera izango duzue itzulpen bat egokia den ala ez adierazteko. Eskutxoa gora eta behera erabiliz baloratu daiteke itzulpenaren kalitatea. Itzulpenak aproposak ez direnean ohartarazteko aukera izango duzue.

Bost urte berrikuntzak egiten

Urtetik urtera Eliaren erabilerak gora egiten du; azken urtean, esaterako, % 42 igo da plataformaren erabilera. 

Gaur egun, Elia eleaniztasuna kudeatzeko ezinbesteko tresna da, bereziki hizkuntza-aniztasuna funtsezkoa den testuinguruetan. Enpresa askok egunerokoan erabiltzen dute, komunikazioa eta eraginkortasuna hobetuz ingurune eleaniztunetan. Horrez gain, udal asko ari dira Elia bere webguneetan integratzen, euskara bere zerbitzu digitalen erdigunean jartzen eta herritarren artean erabiltzera sustatzen. 


Elia.eus webgunean ahotsa testu bihurtzeko aukera txertatzeko lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin dira.

Itzuli blogera