Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztuna, zuen ordenagailu eta mugikorretan

2019 | Azaroak 27

  • Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako puntako teknologia darabil. Itzultzailea.eus webgunean erabili daiteke, baita aplikazioa mugikorrera deskargatuta ere.

  • Bost hizkuntza dakizki: euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa.

  • Zerbitzu aurreratuak ere eskaintzen ditu: dokumentu formatudunak osorik itzultzea eta bezeroaren sistemetan integratzea.

 

       

 

Gaurtik aurrera, erabilgarri dago Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztuna, doan, ordenagailu eta mugikorretarako: itzultzailea.eus.

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako punta-puntako teknologia oinarri hartuta, Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusiak (euskara, gaztelania eta frantsesa) eta katalana eta galegoa dakizkien itzultzaile automatiko bat garatu dugu Elhuyarren, eta gizartearen eskura jarri dugu.

Elhuyarren itzultzailea itzultzailea.eus webgunean erabil daiteke, edo aplikazioa mugikorrera deskargatuta. Bai batean eta bai bestean, bost hizkuntza hauen arteko itzulpenak egin daitezke: euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa. Horretarako, aski da testua dagokion tokian idaztea, emaitza zer hizkuntzatan nahi dugun aukeratzea eta “Itzuli” botoia sakatzea.

Mugikorreko aplikazioaren kasuan gainera, ez dugu testua aplikazioan bertan idatzi beharrik. Edozer irakurtzen ari garela, testua aukeratu, kopiatzeko botoia sakatu, eta Elhuyarren itzultzailearen ikonoa agertuko zaigu. Haren gainean klik eginda, zuzenean eramango gaitu berak aplikaziora, eta dagokion testu-kutxan idatzita agertuko da kopiatu dugun testua.

             

 

Itzultzaile automatikoa garatzeko, teknologiarik berritzaileenak baliatu ditugu; besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronalak. Erosoa eta erabilerraza da oso, eta, malgua, hala nahi duten bezeroei beren beharren araberako zerbitzu aurreratuak eman ahal izateko. Izan ere, Elhuyarren itzultzaile automatikoaren bidez, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke, REST APIaren bidez: itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio...), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazio-sisteman (Single Sign On bidez)…

Elhuyarren ibilbidea hizkuntza-teknologietan

Elhuyarrek sorreratik bertatik (1972) izan du hizkuntzak zientziarekin eta teknologiarekin lotzeko bokazioa. 2002an ekin zion hizkuntza-teknologien arloko ikerketari, Hizkin21 proiektuarekin, eta handik bi urtera heldu zion itzulpengintza automatikoari. Geroztik, arlo horretako hainbat proiektutan esku hartu dugu, eta baita zerbitzuak erabilgarri jarri ere:

  • 2007an, sarean jarri genuen lehendabiziko gaztelania > euskara itzultzaile automatikoa, EHUko Ixa ikerketa-taldearekin batera: Matxin. Erregeletan oinarritutako sistema bat zen, kode irekian garatutakoa.
  • 2011n, orduko joera teknologikoei jarraikiz, sistema estatistikoetan oinarritutako itzultzailea etorri zen, bi noranzkoetan itzultzen zuena: euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskara.
  • 2016an, Ametzagaiña, EHUko Ixa ikerketa-taldea, ISEA eta Vicomtech-ekin batera, adimen artifiziala eta sare neuronalak oinarri hartuta, Modela ikerketa-proiektuari ekin genion Elhuyarren, eta 2018tik erabilgarri dago modela.eus euskarazko lehen itzultzaile automatiko adimenduna. Gaztelaniatik euskarara nahiz euskaratik gaztelaniara itzultzen du Modelak, eta, kalitatean, asko hobetu ditu aurrekoen emaitzak.

Geroztik, ikertzen jarraitu dugu Elhuyarren, eta, teknologien arloan nahiz hizkuntzen arloan duen eskarmentua uztartuta, gaztelaniaren eta euskararen arteko itzulpenen kalitatea hobetzeaz gain, beste hizkuntza batzuk ere txertatu ditu bere itzultzaile berrian. Hala, Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusien arteko itzulpenak egiteko balia daiteke (euskara, gaztelania eta frantsesa), eta baita katalanezko eta galegozko testuak itzultzeko nahiz sortzeko ere.

Itzuli blogera